Izurtzako plaza eraberritzeko lanak hasi dira. Udalak 515.203 euroko diru atala ipini du proiektu honetarako. "Plaza herriaren bihotza da guretzat. Erabilgarritasun handiagoa eman gura diogu eta eremu atseginagoa sortu gura dugu jendea herrigunera etorri dadin. Beti ere, aurretik zuen nortasunari eutsita", adierazi du Oihane Irastorza alkateak.
Lanak zazpi hilabetetan amaitzea itxaroten dute eta faseka egingo dituzte. Lehenengo fasean, plazako alde batean zentratuko dira; mediku kontsulta dagoen plazako aldean, hain zuzen ere. Ondoren, erdigunea eraberrituko dute, eta, azkenik, tabernako aldea.
Plazako elementuak
Plaza berriak eremu laua izango du, orain duen moduan, dantza saioak eta beste ekimen batzuk hartzeko. Gune horretan ur txorroak ere ipiniko dituzte. Gaur egun umeen parkea dagoen tokian gune estali bat sortuko dute, jesarlekuak izango dituena. Eta umeen parke berria Herriko Tabernako terrazaren ondora eramango dute.
Ibilgailuen plazarako sarbidea lekuz aldatuko dute: taberna ondotik plazaren erdira. Horrez gainera, oinezkoentzako sarbidea moldatu egingo dute osasun zentroaren ondoan; eskailera gutxiago izango du, eta arrapala bat.
Udalak azaldu duenez, plazako eraikin eta zerbitzu guztietarako sarbidea "bermatuta egongo da lanek irauten duten bitartean". Pilotalekua ere erabilgarri egongo da, baina udaletxe aldeko atetik izango du sarbidea.
Plazaren eraberritzea urteetako prozesuaren emaitza da. 2024an udalak herri batzarrak egin zituen herritarren iritzia jasotzeko. 2025eko ekainean, proiektua onartu eta esleipena abiatu zuten, baina ez zen inor aurkeztu. Arloko adituekin kontsultatu eta gero, proiektua egokitu eta berriro atera zuen lehiaketara. Bigarren ahaleginean Rekalde enpresari esleitu dizkiote lanak.