Izurtzako jaiak

Izurtzarrak jaietan murgilduko dira gaur, arratsaldeko txupinazoagaz batera

Joseba Derteano

Gertufest jaialdiko ekimenetariko bat dantza saioa izaten da.

Izurtzako jaiak gaur arratsaldeko txupinazoagaz hasiko dira. Urtero legez, herrigunean ez ezik, herriko beste hainbat txokotan ere biziko da jai giroa, hala nola Santa Ageda ermitaren inguruan eta Santo Tomas parkean.

Zapatua motoen erakustaldi bategaz hasiko dute. Ondoren, jaietan arrakasta handia izaten duen paella txapelketa hasiko da. Domekan Santa Agenda ermitaren inguruan izango da jaieguna. Mendigain dantza taldeak saioa egingo du, eta, ondoren, urteroko ohiturari eutsiz, denek elkarregaz bazkalduko dute. Arratsalden Txoborro magoa izurtzarrak gertuko magiagaz txunditzen ahaleginduko da. Azkenik, Lotxoren erromeriak dantzan ipiniko ditu ermitaren bueltan dauden herritarrak. Astelehenean, Erdoitzako Egunean, goizean kalejira egongo da Jaizale taldeagaz, eta arratsaldean haurrentzako parkea, plazan.

Gertufest
Jaietako bigarren asteburuko ekimen asko Santo Tomas parkean izango da. Gertufest Batzordeak, udalak eta Korrala Sormen Guneak elkarlanean, artea, kultura eta festa uztartzen dituen Gertufest jaialdiaren 5. aldia egingo dute parkean, irailaren 11ko arratsaldean eta 12ko goiz-eguerdian. Urtea joan eta urtea etorri egonkortzen joan den ekimena jaietako ezinbesteko osagai bihurtu da, bai parkean sortzen den giroagaitik, bai eskaintzen duen ikuskizun kopuru anitzarengaitik. Musika, formatu desberdinetako antzerkiak, umeentzako ikuskizunak… aurten ere denerik antolatu dute. 

Egun bietan artisautza azoka egingo dute, arropen, bitxien eta antzerakoen postuekin, eta taberna bat ere ipiniko dute freskagarri eta abarrekin. Egun bietan Demien Costa mimoa izango dute gonbidatu. Aktore, mimo eta clown argentinarrak pantomima eta umorea uztartzen ditu bere ikuskizunetan.

Beste ikuskizun interesgarri bat irailaren 11n izango da, 19:30ean: Supituki Show, euskarazko inprobisazio-antzezlana. Istorioak ikusleek idatzitako esaldi eta iradokizunetatik abiatuta sortzen dituzte, unean bertan; horrela, ikusleak ikuskizunaren funtsezko parte bihurtzen dira. Egunean zehar Harri Orri Ar esku-joko txapelketa ere egingo dute. Hurrengo egunean, 12an, berriro azoka egingo dute eta beste ekitaldi batzuk ere egongo dira: clown ikuskizuna, salsa eta yoga klase irekiak, euskal dantzak Kriskitin Dantza Taldearen eta Jaizale txistulari taldearen eskutik, dantza garaikidea Gertu kolektiboaren eskutik… Piknik lehiaketa ere egingo dute. 

Jaiak irailaren 13ko domekan amaituko dira. 11:30ean, Udalak eta Artxate elkarteak antolatuta, arraza libreko ardi txakur erakustaldia egingo dute pilotalekuaren atzeko belardian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!