Zazpi umek berriro egingo dute egonaldia hemen, eta bi lehenengoz etorri dira. Ume guztiek aniztasun funtzionala dute, hala nola hemiplegia edo entzumen-desgaitasuna. Horregaitik, egitasmo honen oinarrietariko bat umeei osasun arreta eskaintzea da. Horretarako, Río de Orok hitzarmena du Osakidetzagaz, eta ume guztiei pediatria azterketa egiten zaie heldu bezain laster. Ondoren, beharrezkoa denean, espezialistengana eramaten dituzte. "Hemen dauden denboran, ahalik eta proba eta tratamendurik gehien egitea da helburua. Urte osoko jarraipena behar duten kasuetan, abenduan Tindufera egiten dugun bidaian eramaten diegu tratamendua", adierazi du Río de Oro elkarteko Mikel del Arcok.
Egonaldian zehar, haurrek askotariko jarduerak egiten dituzte. Besteak beste, Durangoko igerilekuetara eta hainbat hondartzatara joaten dira. Lehenengoz etorri diren ume biak euren bizitzan aurrenekoz ikusi dute itsasoa. Horrez gainera, astero jarduera berezi bat egiten dute. Aurten Alluitz Natura baserri-eskolara joan dira eta Bilboko itsasadarrean itsasontziz ibili dira. "Uda ahalik eta gehien aprobetxatzen ahalegintzen gara eta umeak oso pozik daude. Egokitzapena bikaina izan da", azaldu du Mikel del Arcok.
Azkenik, Del Arcok boluntarioen "lan handia" eskertu, gazteei parte hartzeko deia egin eta gatazkaren konponbidea blokeatzen dutenei mezua bidali die. "Dagokien erantzukizuna euren gain hartu behar dute gatazkari irtenbidea bilatzeko. Irtenbide hori Mendebaldeko Sahararen etorkizunari buruz saharar herriak bere lurraren gainean erabakiko duen erreferenduma egitean datza", gaineratu du del Arcok.