Askotariko ikuskizunekin, kultur astea egingo dute Izurtzan

Anboto 2026ko ekainaren 18a

Trotamundos konpainiaren 'Finito-Infinito' antzezlana. (Argazkia: trotamundoscirco.com)

Ekainaren 20tik 23ra kultur astearen hirugarren aldia egingo dute Izurtzan. Zapatu honetan ekimen bigaz gozatzeko aukera egongo da. Batetik, Korrala sormen guneak gonbita egingo du goizean dantza egiteko. 11:00etatik 13:00etara Lindy hop tailerra egingo dute plazan. Arratsaldean, 19:30ean, Trotamundos konpainiak Finito-Infinito ikuskizuna egingo du plazan. Umorea eta fantasia uztartzen dituen adin guztietarako zirku ikuskizuna da eta formatu zirkularrean antzezten dute.

Bestalde, Eixu elkarteak askotariko postuak batuko dituen artisau azoka antolatu du domekarako. 11:00etan izango da, plazan. Pelma & Luis musika jartzaileek girotuko dute azoka.

'Aitatxo' dokumentala
Ekainaren 22an, 18:30ean, Aitatxo dokumentala emango dute erabilera anitzeko lokalean. Dokumental honek seme edo alaba bat galdu duten lau aitaren testigantzak biltzen ditu, dolua aitaren ikuspegitik erakutsita.

Ekainaren 23an, 19:00etan, Gabriela Guridi elorriarrak kontzertua emango du Santo Tomas parkean. Ondoren, San Joan sua piztuko dute parkean, Ji-Kunak txalapartarien musikak lagunduta. Jan-edanerako aukera ere egongo da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!