Swing dantza ikastaro bitan parte hartzeko aukera Izurtzan

J.D. 2026ko urtarrilaren 20a

Izurtzako Korrala Sormen Guneak dantzaz beteriko domeka proposatu du urtarrilaren 25erako: Gabi Gonzalez swing irakasleagaz swing-dantzaren inguruko ikastaro trinko bi egongo dituzte: Lindy Hop hasierako mailan eta Shim Sham. Klaseak Korrala guneak Izurtzan duen lokalean izango dira.

Lindy Hop tailerra hasiberriei bideratuta dago eta 11:00etatik 12:30era izango da. Dantza estilo hau 1930eko hamarkadan sortu zen AEBetan eta swing musikagaz estuki lotuta dago. Bikoteka dantzatzen da.

Shum Sham tailerra 12:30etik 14:00etara izango da. Shim Sham swing-dantzarien artean klasiko bihurtutako koreografia kolektiboa da, pauso sorta errepikakor eta dibertigarrietan oinarritzen dena eta taldean dantzatzea eta erritmoak partekatzea ahalbidetzen duena.

Ikastaro batean parte hartzea 15 euro da, eta bietan parte hartzea 25 euro. Izen ematea korrala@ganso.info helbide elektronikoaren bitartez egin daiteke. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!