Jaialdiko egitarau zabalaren barruan lehiaketa kurioso bi daude, aurten lehenengoz egingo dituztenak. Batetik gaur, 18:00etan, Harri Orri Ar esku joko txapelketa izango da. Torneos Durango taldeak antolatu du eta irabazleak 100 euro jasoko ditu. Edonork parte hartu dezake eta ez dago aurretiaz izena eman beharrik, antolatzaileek zehaztu dutenez. Bestetik, zapatuan, 13:30ean, piknik txapelketa egingo dute. Santo Tomas parkean piknika egiteko eta bertan jateko gonbita egin dute antolatzaileek. Izen ematea 628 233 479 telefonoan egin daiteke aurretik; baita egunean bertan ere Gertufesten txosnan. Hiru sari banatuko dituzte: 100 euroko txartela Izurtzako Herriko tabernarako, 70 euroko txartela Mañariko Errekondo jatetxerako, eta 50 euroko txartela Larrinagatxu erretegirako.
Lehiaketekin batera, beste hamaika ekimen egongo da gozagai jaialdiko egunetan: antzezlan laburrak, musika, azoka, dantza saioa…
Ardi txakur erakustaldia
Jaietako ekimen batzuk herrigunean dira. Esaterako, zapatuan, 19:00etan, patata tortilla txapelketa egingo dute; ondoren, herri afarian batuko dira eta Xaiborren musikak jai-giroa ipiniko du. Domeka goizean beste ekimen berezi bat dago. 11:30ean arraza libreko ardi txakurren erakustaldia izango da frontoi atzeko belardian.