Gertufest eta ardi txakur erakustaldia jaien barruan

Joseba Derteano 2025ko ira. 5a, 11:30

Artxiboko irudia.

Izurtzako jaiak gaur arratsaldeko txupinazoagaz hasiko dira. Aurtengo nobedade bat jaietako azken egunean izango da, irailaren 14an. Udalak eta Artxate elkarteak arraza libreko ardi txakur erakustaldia antolatu dute. Pilotalekuaren atzeko belardian izango da ekimena, 11:30ean.

Domekan Santa Agenda ermitaren inguruan izango da jaieguna. Mendigain dantza taldeak saioa egingo du. Arratsaldean, Oihana Bartra, Aissa Intxausti eta Xabat Galletebeitia bertsolariek bertso saioa egingo dute. Lotxo taldearen erromeriagaz errematatuko dute jaieguna. 

Astelehenean, Erdoitzako Egunean, goizean kalejira egongo da Jaizale taldeagaz, eta arratsaldean haurrentzako parkea, plazan.

Gertufest
Jaietako bigarren asteburuko ekimen asko Santo Tomas parkean izango dira. Gertufest Batzordeak, udalak eta Korrala Sormen Guneak elkarlanean, artea, kultura eta festa uztartzen dituen Gertufest jaialdiaren 4. aldia egingo dute parkean, irailaren 12an eta 13an. Egun bietan artisautza azoka egingo dute. Postu hauek izango dira bertan: Birak, Torontile, Amalur, Art-Izar, Zunart, Kukupraka, Maimai Sorkuntza, Sutil eta Eskuarte.

Urtero legez, kale ikuskizun askogaz gozatzeko aukera egongo da. Gertu kolektiboak antzezlan laburrak egingo ditu eta Asier Kidamek magia ikuskizuna egingo du. Los Judas de la Impro konpainiak eta Lorena Arangoak ere euren antzezlanak plazaratuko dituzte, besteak beste. 

Musikak ere izango du bere tokia, LFD Mambo Express cumbia kontzertuagaz eta DJ KSKA-ren musikagaz. 

Harri Orri Ar txapelketa
Gertufesten aurtengo nobedade bat irailaren 12ko Harri Orri Ar esku joko txapelketa da. Torneos Durango taldeak antolatu du eta irabazleak 100 euro jasoko ditu. Edonork parte hartu dezake eta ez dago aurretiaz izena eman beharrik, antolatzaileek zehaztu dutenez.

Bestalde, irailaren 13an, 13:30ean, pik-nik txapelketa egingo dute. Santo Tomas parkean pik-nika jartzeko eta bertan jateko gonbita egin dute antolatzaileek. Izen-ematea 628 233 479 telefonoan egin daiteke aurretik; baita egunean bertan ere Gertufesten txosnan. Hainbat sari banatuko dituzte pik-nik onenen artean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!