Izurtza: txikitasunaren xarma

Anboto 2025ko eka. 20a, 09:30

Gertufest jaialdia. GERTUFEST

Eskualdeko herririk txikiena dugu Izurtza, baina bertako eragileek ahalegin berezia egiten dute inora joaten ibili barik, herritarrek kultur ekitaldiez bertan gozatu dezaten. Asteburu hau da horren adibide, Izurtzan kultur aste betean daude eta.

Zapatuan, adibidez, Ganso & Cia taldeko Gorka Ganso eta Cecilia Paganini bertan izango dira dira clown saioa eskaintzen, plazan, euren Korrala sormen gunetik gertu. Eta bistakoa denez, eroso-eroso egongo dira, herri txikien xarma maite dute eta: "Dudarik barik, askoz ere gehiago gozatzen dugu emanaldiak herri txikietan edo gure munduko jendeak, antzerki talderen batek edo elkarteren batek, antolatzen dituenean. Ekitaldiak herri txikietan antolatzean, enpatia gehiago sortzen da, eta, gainera, burokrazia gutxiago dago antolatzaileen artean. Eremua kontuan izaten dute, adibidez, edo gerizperako aukerak eguzkiak gogor jotzen badu", esan du. Eta gaineratu du: "Jardunaldi kultural bat ezin da umeak aparkatzeko ekitaldi legez ulertu, eta, tamalez, askotan gertatzen da hori".

Hori dela eta, aipatzekoa da Korrala Sormen Guneko kideek Izurtzan antolatzen duten Gertufest jaialdia. 2022an egin zuten lehenengoz, eta urterik urte izandako arrakasta ikusita, eskaintza horri eutsiko diote aurten ere. Santo Tomas parke inguruak adierazpide artistikoz beteko dituzte herriko jaietan. "Antzerkia, zirkua, adierazpide punkiagoak... gauzak egiteko gogoa duen jendea batzean sinergiak sortzen dira, eta horri eskerrak loratzen dira Gertufesten moduko jaialdiak", azaldu du artistak. Izan ere, ez dira sold out kulturagaz edo ekitaldi masiboekin identifikatzen: "Gertufesten balio erantsia parkea da. Jendea gozatzera dator hona, parkean egotera, batzera. Parkea da protagonista, eta ezaugarri horri eutsiko diogu aurten ere. Ez dugu ekitaldi masiboekin lehiatu gura".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!