[ARGAZKI GALERIA]: Izurtzako plaza berrizteko proiektua onartu dute

Anboto 2025ko eka. 10a, 08:43

Izurtzako plaza eraberritzeko asmoa aurrera doa. Proiektua onartu dute eta obren esleipena martxan da. Lanak urri inguruan hastea itxaroten dute. Plazak hainbat osagai izango du: gune zabal bat, umeentzako ur txorrotak, estalki nagusi bat eserlekuekin, eta umeen jolasgunea tabernaren ondora tokialdatuko dutena. 

Izurtzako plaza gaur egungo beharrizanetara egokitzeko egitasmoan aurrerapauso garrantzitsuak egin dira azkenaldian. Maiatzeko udalbatzarrean aho batez onartu zuten proiektua; eta lizitaziorako baldintza-orria ere onartu zuten. Lana esleitzeko lehiaketa martxan da dagoeneko. Obren kostua 608.302 eurokoa da. 

Proiektuak URA agentziaren onespena du eta errepideen arlokoaren zain daude. Horiek horrela, esleipena abuztu-irailean egitea gura dute eta lanak herriko jaien ondoren hastea da asmoa, urri inguruan. Egikaritze-epea zortzi hilabetekoa da

Plazako osagaiak
Udalak herri batzar bat baino gehiago egin du behin betiko proiektua onartu aurretik, herritarren iritzia jasotzeko. Eskaera nagusiak honakoak izan dira: plazak izaera polifazetikoa izatea, gaur egun duen eremu zabalari eutsita. Proiektuak ikuspegi biak jasotzen ditu eta plazak hainbat gune izango du. Batetik, aipatutako eremu zabala, askotariko ekintzak gauzatzea ahalbidetuko duena: jaietako dantza saioa, kale antzerkiak… Eremu zabal horren erdian umeentzako ur txorrotak egongo dira. Ur txorrotak zoruaren maila berean egongo dira. Beraz, gune zabal hori laua izango da. 

Plazako beste elementu esanguratsu bat estalitako gune berria da. Plazako alde batean egongo da, jubilatuen lokala dagoen aldean, hain zuzen ere. Gune horrek jesarlekuak izango ditu, eta berdeguneak inguruan.

Umeen jolasgunea lekuz aldatuko dute eta tabernako terrazaren inguruan kokatuko dute. Txin-txaun berriak ipiniko dituzte bertan eta estalki bat izango du. Estalki biek frontoiaren antzeko kolorea eta diseinua izango dituzte, gune osoari koherentzia eta osotasuna emateko. 

Ibilgailuen plazarako sarbidea lekuz aldatuko dute. Gaur egun, taberna ondoan dago sarrera, eta lanak amaitzean plazaren erdian egongo da. Horrez gainera, osasun zentroaren ondoan moldatu egingo dute oinezkoentzako sarbidea; eskailera gutxiago izango du, eta arrapala bat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!