Izurtzako Udalak hainbat hobekuntza egin du Santo Tomas parkean. Bermeosolo enpresak egin ditu lanak, eta aste bi iraun dute. Zurezko egitura duen umeentzako tirolina bat ipini dutela da aldaketarik deigarriena. Horrela, herri batzar batean irtendako eskaerari erantzun dio udalak. Jolasguneko txintxaun guztien oinarrietan harea gehiago bota dute, bertan jolasten diren umeen babeserako.
Mahai eta jesarleku berriak
Beste aldaketa batzuk ere egin dituzte: parkeko mahai eta jesarleku zaharkituak kendu eta berriak ipini dituzte. Eta parkea eta jolasgunea inguratzen dituen bidexkan ere harea bota dute. Urteen poderioz, bidexka hori harearik barik zegoen. Proiektu osoak 40.300 euroko aurrekontua izan du.