Datorren urtera begirako zenbateko osoa 644.070 eurokoa da, aurtengoa baino 25.000 euro gehiago. Besteak beste, Udalkutxatik aurten baino 15.000 euro gehiago jasoko dituzte; 356.000 euro, guztira.
"Aurrekontuak herritarrek eskatutakoaren arabera egiten ahalegindu gara, proiektu bereziagoak ahaztu barik", adierazi zuen Oihane Irastorza Izurtzako alkateak.
2025ari begirako inbertsio bat pilotalekua hobetzeko da. Esaterako, frontoiko sarea eta frontiseko toldoak —txapa azpikoa nahiz frontis gainekoa— aldatuko dituzte, zaharkituta geratu direlako. Proiektu honetarako, hasieran 17.000 euro ipini dituzte.
Beste inbertsio bat auzo-bideak konpontzea izango da. Zeregin honetarako, 20.000 euro gorde dituzte aurrekontuetan. Esaterako, Etxano auzorako bidea konponduko dute, eta baita Arbizolea industrialdearen inguruko bide bat ere.
Plazako proiektua
Legegintzaldi berrirako egitasmo garrantzitsu bat plaza eraberritzea da. Herri batzarretan jasoriko ekarpenekin dabiltza proiektua egiten. Besteak beste, plazako eremu batean estalpe bat egiteko asmoa dute. Udal ordezkariek azaldu zuten proiektua "laster" egongo dela prest. Inbertsioari aurre egin ahal izateko, zenbait finantziazio ildo (diru laguntzak…) aztertzen ere hasiko dira.