Aurten hamabi bat postu egongo dira pilotalekuan. Postuetan denerik egongo da: ogia, gazta, barazkiak, etxeko jogurtak, eztia, txerrikia, kontserbak, patea… Euskal Herri osoko ekoizleak batuko dira.
Jan-edanerako aukera ere egongo da eguerdian, Eusko Labeleko oilasko pintxoekin. Hain zuzen ere, pintxoen salmentan dago aurtengo nobedade nagusia. Ekimenaren ardura Angelman Sindromea elkarteak hartuko du, lehenengoz. Horrela, salmentagaz ateratako dirua elkartearentzat izango da. Aurten 2,5 euro izango da pintxo bakoitzaren prezioa.
Urtero legez, Izurtzan erroldatuta daudenek dohainik eskuratu dezakete mokadua. Tiketak udaletxean daude eskuragarri.
Herriko jaietan ere barra
Angelman Sindromea elkarteak lotura estua du Izurtzagaz. Herriko jaietan, Santa Ageda ermitako jai-egunean ipintzen den taberna elkarte honetako kideek kudeatzen dute azkenengo urteetan. Horregaz batera, jaietako bigarren asteburuan plazaren inguruan egiten den jai eguneko barraren ardura ere eurena izaten da.