Izurtzako Udalak Santo Tomas ingurua hobetuko du

Joseba Derteano 2024ko aza. 27a, 10:37

Izurtza Santo Tomas

Izurtzako Udalak hainbat hobekuntza egingo du Santo Tomas parkean. Esaterako, hango mahaiak berriztu eta jolasgunean tirolina bat ipiniko du. Azken hobekuntza horregaz, herri batzar batean egindako proposamenari erantzungo diote

Santo Tomas parkeak bisitari asko jasotzen du urtean zehar, batez ere udaberri eta uda bueltan, eguraldia lagun denean. Familia giroan eta lagunartean goiz edo arratsalde pasa atsegina egiteko aukera eskaintzen du, jan-edanerako mahaiekin eta umeentzako jolasguneagaz. Horrez gainera, herriko jaien barruan hainbat ekintza egiten da bertan, Gertufest jaialdia barne.

Urteetako erabilpenagaz azpiegitura batzuk zaharkituta geratu dira eta Izurtzako Udalak hobekuntza batzuk egitea erabaki du. Esaterako, parkean gaur egun dauden bankuak eta mahaiak kendu eta berriak ipiniko dituzte. Inguruko belardia ere txukunduko dute. Beste hobekuntza batzuk jolasgunean egingo dituzte. Batetik, harea aldatu egingo dute, eta, bestetik, tirolina bat ipiniko dute. Azken hobekuntza horregaz, herri batzar batean egindako eskaerari erantzun gura dio udalak. Azkenik, parkera sartzeko zubiaren azpialdean lan batzuk egingo dituzte, uraren erosioak eragindako kalteak konpontzeko. URA Agentziaren eskakizunak betez egingo dute hori, ahalik eta irtenbiderik naturalenak baliatuta.

Lanak azaroan edo abenduan hastea aurreikusten dute. Proiektuak 40.300 euroko aurrekontua du eta Bermeosolo enpresak egingo du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!