[EGITARAUA] Bertso saioa, kontzertuak eta antzerkia Izurtzako lehenengo Aste Kulturalean

Anboto 2024ko eka. 19a, 16:00

Besteak beste 'Balkoitik Plazara' bertsoa saioa egongo da domekan.

Izurtzan urtero ospatzen dituzte sanjoanak. Egunaren bezperan, Santo Tomas parkean batu ohi dira herritarrak, suaren eta luntx baten bueltan. Aurten tradizioari eutsiko diote, baina beste hainbat ekimenekin gozatzeko aukera ere egongo da; eta ez Santo Tomas parkean bakarrik, baina herrigunean ere. Izan ere, ohitura hori helduleku moduan hartuta, Izurtzako Udalak I. Aste Kulturala antolatu du barikutik domekara. "Herriari bizia ematea eta kultura sustatzea dira helburuak", adierazi du Oihane Irastorza alkateak.

Barikuan Asier Jorge durangarrak diaporama saio bat eskainiko du erabilera anitzeko eraikinean. Zapatuan antzerkiak hartuko du Izurtzako plaza, Ganso&Cia antzerki konpainiaren familia antzezlan batekin.

Domeka eguerdian 'Balkoitik Plazara' abestuko dute hiru bertsolarik: Aitor Etxebarriazarraga gernikarrak, Iruri Altzerreka garaitarrak eta Gorka Pagonabarraga durangarrak. Arratsaldean Santo Tomas parkera lekualdatuko da jaia, 19:30etik aurrera. Tradizioari eutsiz, San Juan sua piztuko dute bertan hainbat musika emanaldik lagunduta: Ji-Kunak txalaparta taldea, Etxe berriztarra eta Seiren talde zornotzarra. Udalak janaria eta edariak ere jarriko ditu bertaratzen direnentzat.

EKAINAK 21, BARIKUA

  • 19:00 Abentura bidaiako diaporama saioa Asier Jorgerekin. Barne bidaia: Bizikleta espedizioa Durangotik Lurmutur Hirira, Izurtzatik pasatuz. Tokia: Erabilera anitzeko eraikina.

EKAINAK 22, ZAPATUA

  • 19:30 'Panoli Kabareta' familia antzezlana, Ganso&Cia konpainiaren eskutik. Tokia: Plazan.

EKAINAK 23, DOMEKA, San Joan bezpera

  • 13:30 'Balkoitik Plazara' bertso saioa. Bertsolariak: Aitor Etxebarriazarraga, Iruri Altzerreka, eta Gorka Pagonabarraga. Gai jartzailea: Itxaro Juaristi. Tokia: Plazan.
  • 19:30 San Joan sua. Musika emanaldiak: Ji-Kunak txalaparta (Durango-Izurtza), Etxe berriztarra eta Seiren zornotzarrak. Udalak jan-edana eskainiko du. Tokia: Santo Tomas parkean.

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!