Tabernako sukaldea hobetzea, Izurtzako inbertsioen artean

Joseba Derteano 2023ko abe. 26a, 10:30

Izurtzan prest daude 2024ra begirako aurrekontuak. Gobernu taldeak (EH BIldu) eta EAJk aho batez onartu dituzte.

Oihane Irastorza alkateak nabarmendu du "herritarrekin eta herritarrentzat" prestaturiko aurrekontuak direla. Herritarrekin bilera bat egin zuten azaro amaieran, eta han jasoriko ekarpenak aurrekontuetan barneratzen ahalegindu direla esan du alkateak.

2024ko aurrekontuen zenbateko osoa 619.461 eurokoa da eta 157.000 euro inguru inbertsioetarako erabiliko dituzte. 35.000 eurogaz tabernako sukaldea eraberrituko dute, zahartuta geratu den azpiegitura gaur egungo eskakizunetara egokitzeko. Lanak amaitzean, sukaldea egokiago hornituta egongo da; menuak eskaintzeko, esaterako.

Beste inbertsio bat Santo Tomas parkean egingo dute. Hango mahaiak eta beste azpiegitura batzuk ere zahartuta gertatu direla uste dute eta eraberritu egingo dituzte. Zeregin horretarako, 35.000 euroko diru atala gorde dute. 

2024an udaleko langilearen autoa aldatzeko asmoa ere badute eta 25.000 euroko diru atala sortu dute horretarako.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!