“Kartelean jaietako elementuak modu erraz eta freskoan islatzen ahalegindu naiz"

Joseba Derteano 2023ko eka. 21a, 09:30

Italiarra jatorriz, Izurtzan bizitzen urte bi daramatzan Benedetta Lorussok (Italia, 1981) irabazi du bertako jaietako kartel lehiaketa. Jaietako ohiko elementuak Izurtzakoak bertakoak diren beste batzuekin uztartuz diseinatu du kartela. Arte Ederrak ikasketak ditu eta artista ikuspegi hori ere baliagarria izan zaio kartelari forma ematerako orduan.

Lehenengoz aurkeztu zara Izurtzako kartel lehiaketara?
Ez, iaz ere aurkeztu nintzen, baina azken orduan izan nuen lehiaketaren berri. Denbora falta izan zitzaidan kartela gura nuen moduan lantzeko. Aurten denbora gehiagogaz egin dut.

Zelan definituko zenuke kartela?
Jaietako giro alaia islatu gura nuen. Lehenengo begiratuan jaiekin lotzen ditugun elementuak tradizionalagoak diren beste batzuekin uztartu ditut. Irudi batzuek lotura zuzena dute Izurtzagaz: Etxaburu dorrea, basurdea… Koloreen konbinazioa gehituta, jaietako elementu horiek guztiak modu erraz eta freskoan islatzen ahalegindu naiz.

Baduzu diseinuari edo marrazketari buruzko ikasketarik?
Lan grafikoetan espezifikoki ez, baina Arte Ederrak ikasi nuen eta jakintza hori baliagarria izan zait. Gero, ohituta nago kartelak egitera. Kosmetika naturala egiten dut eta produktuentzako etiketak eta antzerakoak neuk egiten ditut. 

Kosmetika naturala lantzen duzu?
Bai, eta azoketan saltzen dut. Internet bidez ere saltzen dut. Etsy.com plataformaren barruan nago, 'AromatikaShop' izenagaz.  

Aurkeztu zara inoiz beste herri batzuetako kartel lehiaketaren batean?
Ez, baina hiru urte daramatzat Bizkaian bizitzen, euretariko bi Izurtzan, eta inguruotan kartel lehiaketa nahikotxo egiten dela konturatu naiz. Beharbada besteren batera ere aurkeztuko naiz datorren urtean. 

Parte hartzen duzu Izurtzako jaietan?
Bai. Iaz Gertufest jaia egin zen lehenengoz, eta hura antolatzen lagundu nuen. Oso pozik geratu ginen. Jende asko etorri zen eta euretariko asko umeak ziren. Aurten oraindino indar eta ilusio handiagoz antolatuko dugu.

Italiarra zara, Italia hegoaldekoa. Italiako hegoaldea eta Euskal Herria desberdinak dira? 
Oso desberdinak dira. Inguru hau oso menditsua da, eta hura ez. Hemendik mendiak eramango nituzke hara.

Eta zer ekarriko zenuke handik hona?
Okindegietako produktuak: focaccia, pizzak eta antzerakoak. Hemengoak ez dira berdinak (barrez). 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!