Udal eta foru hauteskundeak

[ARGAZKI GALERIA]: Oihane Irastorza da Izurtzako alkate berria

Anboto 2023ko eka. 17a, 11:55

EH Bilduko Oihane Irastorzak azken bi legegintzaldietan alkate izan den Lorea Muñozen eskutik jaso du aginte makila. Irastorzak nabarmendu du "zintzotasunez" eta "apaltasunez" gobernatuko duela, "herritik eta herriarentzat".

Legeak hala aginduta hartu du kargua Oihane Irastorzak, Izurtzako alkate berriak, udalbatza osatzen duten ordezkari guztien botoekin. Lorea Muñozek orain arteko agintaldian izaniko "konpromisoa" azpimarratu du. "Azken zortzi urteetan erakutsi digu zertarako eta zeinentzako egiten den lan, herriarentzako eta herriagaz batera". Bide horri jaraituko diola adierazi du Irastorzak.

EH Bilduko lau zinegotzik eta EAJko ordezkari bakarrak osatzen dute Izurtzako udalbatza berria. EAJko Juan Jose Garatek karguari uko egin dio. Gogoratu behar da Izurtzak orain 250 biztanletik behera dituenez, zerrendak barik izenak bozkatu direla hauteskundeetan. EAJren aldetik Juan Jose Garate izan zen bozkatuena. Baina gaur bere karguari uko egin dionez, EAJren zerrendan bigarren boto gehien jaso zituen Aroa Gonzalez Uriartek hartuko du bere tokia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!