Olatu berdea izeneko semaforoen sistemak ez du guztiz konpondu Izurtzako herrigunetik igarotzen diren ibilgailuen gehiegizko abiadura. Horixe uste du behintzat Izurtzako Udalak. Udal ordezkarien esanetan, ordu konkretu batzuetan igartzen da gehien gehiegizko abiadura hori: lanera sartzeko eta handik irteteko uneetan, batez ere. Ildo horretatik, azken hileetan Aldundiko teknikari eta arduradunekin egon dira aukera berriak bilatzeko. Industrialderako sarreran biribilgune bat egitea da etorkizunean errealitate bihurtu daitekeen irtenbide bat, eta alternatiba hori lantzen dabiltza.