"Teatro, dantza, magia eta zirku erakustaldiak egongo dira Mañariko hainbat toki berezitan; formatu erakargarria dela uste dugu"

Joseba Derteano 2023ko mai. 12a, 13:50

Mañaria arte eszenikoen topagune bihurtuko da zapatu honetan. Arloko profesionalek magia, teatro, dantza, bakarrizketa eta diziplina gehiagotako saioak emango dituzte herriko hainbat lekutan. Ganso&Cia konpainiako Gorka Ganso eta Cecilia Paganini lanean buru-belarri aritu dira 'Arri' izeneko jardunaldia antolatzen Mañariko Udalagaz batera. Cecilia Paganinik erantzun die galderei.

Zer da  'Arri'? Zelan definitu daiteke?
Mañariko arte eszenikoen erakustaldia da. Askotariko arte eszenikoak ezagutaraztea da helburua. Arratsaldean zehar teatro, dantza, magia, zirku, musika… erakustadiak egongo dira Mañariko hainbat toki berezitan. Formatu erakargarria dela uste dugu eta denei bertaratzeko gonbita egiten diegu.  

Zapatu arratsaldean bertaratzen denak zer egin behar du?
Plazan informazio puntu bat egongo da. 17:00etatik aurrera han emango da informazio guztia: ordutegia, tokiak… Plazak mugatuak dira, mikroteatroak direlako, eta txartelak informazio puntu horretan eskuratu daitezke, dohainik. Ahalik eta jenderik gehienak gozatu ditzan, emanaldiak ordu erdirik behin errepikatuko dira gutxi gorabehera. Batzuek emanaldi bi egingo dituzte, eta beste batzuek hiru.  Azkenengo emanaldia plazan izango da, 20:00etan. 

Emanaldietako tokiei buruz zer aurreratu zenezake?
Ermita bat, plaza… Ez dugu gehiegi aurreratu gura. Bertaratzen denarentzat sorpresa bat izatea gura dugu. Euria egiten badu, aire libreko emanaldiak frontoira tokialdatuko dira.

Gatxa izan da tokia aukeratzea?
Bai. Mañariak hainbeste txoko berezi eta eder duenez, gehien kostatu zaiguna leku batzuk albo batera uztea izan da. Hau da, toki bereziak faltan barik soberan izan ditugu. 

Eta ikuskizunei buruz zer kontatu daiteke?
Bada, denak aipatu nitzake. Mañariko Kirikiño abesbatzak lagunduta, Maitane Sarraldek dantza bertikaleko ikuskizun bat egingo du, kokapen berezi batean. Beste toki batean, Dominik Srzednicki-k magia ikuskizuna emango du. Jaiotzez poloniarra, Orion bizi da urte askoan. Bilbotik Arriera konpainiakoak etorriko dira, eta baita Nimú konpainiakoak ere. Azken horiek soka gaineko zirku ikuskizuna egingo dute. Bestalde, Gasteizko Aitor Vinagret-ek hamabost bat minutuko umorezko bakarrizketa saioa egingo du, euskaraz.

Zer ikusiko da plazako emanaldian?
Durangoko hiru gaztek Jammers taldea osatzen dute eta euren ikuskizuna plazaratuko dute. Break dance-a eta dantza urbanoak egiten dituzte. Baina kontua ez da horretara mugatzen. Hilabetean break dance ikastaroa eman dute Mañarian, herriko sei bat gaztegaz. Ikasleek ere saio horietan ikasitakoa erakutsiko dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!