Izurtzan 'Zirriborro' clown ikuskizuna eskainiko dute bariku arratsaldean

Anboto 2022ko aza. 24a, 09:30
Anduriña Zurutuza 'Zirriborro' obrako une batean. BADUT

Izurtzako Udalak antolatuta, Zirriborro antzezlana ikusteko aukera egongo da bariku honetan, 18:00etan, Izurtzako erabilera anitzeko aretoan. Sarrera doakoa izango da denentzat.

Zirriborro clown antzezlana Anduriña Zurutuzak eta Txefo Rodriguezek osatzen duten Badut konpainiarena da eta Gorka Ganso da obrako zuzendaria.

Anduriña Zurutuza liburu bat idatzi gura duen pertsonaiaren azalean sartuko da. "Paper zuriaren aurrean ipini da eta liburu bat idatzi gura du. Beste liburu batzuetan murgildu eta haietatik ideiak hartzen ditu.  Azkenean, liburu bat idazteko prozesuan dauden emozio guztiak azaleratuko ditu", azaldu du Zurutuzak obraren inguruan. Hori guzti hori berbarik egin barik, testurik bako obra da eta.

Ikusleak liburua egiteko prozesuaren lekuko izango dira. Azkenean, lortuko ote du hainbeste desiratzen duen eta hainbeste buruko min ematen ari zaion liburua idaztea? "Ezin da dena kontatu. Antzezlana ikusten duenak deskubrituko du", dio Zurutuzak herritarrei obra bertatik bertara ikusteko gonbita eginda.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!