Hain zuzen ere, alboka, pandero, dultzaina, danbor, goilara, txaramel eta kainubera ikastaroak emateko prest dago. Klaseak hartu gura dituztenek Izurtzako udaletxean galdetu dezakete edo info@albokerue.com helbide elektronikoaren bitartez ipini daitezke beragaz hartu-emanetan. Fede de Diosek musika ikasketak egin zituen gaztetan. Harrezkero, ikastaroak eman ditu Galdakaon, Santurtzin eta Ondarroan, besteak beste. Abadiñon eta Durangon ere aritu da irakasle. Durangon 19 urtez eman zituen alboka eskolak, udalak antolaturiko ikastaroetan. "Orduko ikasle batzuk berreskuratuko banitu eta berri batzuk animatu balira Izurtzan ikastaroak eman nitzakeela pentsatu nuen", adierazi du de Diosek ikastaroak antolatzeko ideiari buruz.
Berak sorturiko webgune bat ere badu: www.albokerue.com. Bertan, albokaren gaineko bideo tutorialak ditu. "Ikasleak etxera joandakoan laguntza bat izan dezaten sortu nuen", dio.
Alboka, instrumentu berezia
Alboka instrumentu berezia da de Diosentzat, eta oraindino gogoan du umetan lehenengoz entzun zuen eguna. "Galdakaoko Elexalde auzoko jaietan nengoen. Nire arreta erakarri zuen soinu bat entzun nuen, baina ez nekien nondik zetorren. Bila hasi nintzen eta bat-batean Leon Bilbao alboka jotzen ikusi nuen. Albokaren itxurak harritu egin ninduen, bere adar formagaz. Baina soinuak eragin zidan inpresiorik handiena. Lehenengoz entzun nuenean beste mundu bateko soinua iruditu zitzaidan", gogoratu du.