Durangaldeko Angelman sindromea elkarteko kideek txosna ipiniko dute, zapatuan, Izurtzan, herriko jaien barruan

Anboto 2022ko ira. 9a, 11:00

Joan zen domekan Santa Agendan ipinitako barraren irudia.

Izurtzan jaietan murgilduta daude egunotan. Jaietako egun handi bat lehenengo domeka izaten da, Santa Ageda ermitaren bueltan ospatzen dutena. Han, ermitaren ondoan dagoen aterpe batean, jan-edana eskaintzeko aukera egoten da eta 2016tik hona Durangaldeko Angelman Sindromea elkarteak du ardura hori. Pandemiako parentesia kenduta, aurten bosgarren urtez jarraian egon dira bertan. 

Zapatu honetan, jaietako ekintzak herrigunean izango dira eta hantxe ipiniko dute txosna, plazaren ondoko frontoian, hain zuzen ere. 19:00etan jaietako tortilla txapelketa hasiko da, eta, ondoren, afari herrikoia egingo dute, hantxe bertan. Azkenik, Luhartz taldearen erromeriak emango dio errematea egunari, 22:30ean. 

Balorazio positiboa
Elkarteko kideek Santa Ageda egunaren balorazio positiboa egin dute. Eguraldia lagun, jende dezente egon zela diote. "Egun horietan ateratzen dugun dirua oso baliagarria da guretzat", azaldu du Luisma Reyes elkarteko kideak. 

Beste ekimen batzuetatik jasoriko laguntzagaz ere esker oneko daude. Zaldai mendi taldeak antolatzen duen mendi bizikleta probako izen-emateagaz jasoriko dirua eurei eman izan diete. Uztai gimnastika erritmiko taldeak ere egin izan du diru bilketa euren alde gimnasia erakustaldiren batean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!