Lotxok 18. urtez jarraian emango du kontzertua Izurtzako jaietan; Luhartzek zazpigarren aldia du aurtengoa

Anboto 2022ko ira. 2a, 08:00

Luhartz taldea

Iraileko lehenengo asteburu biak ekimenez beteta datoz Izurtzako jaietan. Urtero lez, erromeriak izango dira jaietako osagai bat, eta aurten Durangaldeko taldeak izango dira protagonista. Abadiñoko Lotxo taldeak irailaren 4ko domekan joko du kontzertua, eta Iurretako Luhartz taldeak irailaren 10eko zapatuan. 

Talde biek ondo ezagutzen dute Izurtzako plaza, hainbat bider jo dute jaietan eta. Lotxorentzat bere bigarren etxea da ia. 2002tik hona urtero jo du Izurtzan, jairik egin ez den pandemiako urte bietan izan ezik. Bestela esanda, aurten hamazortzigarrenez segidan emango du kontzertua Izurtzako jaietan, Santa Ageda ermitaren ondoan. Luhartzen marka ez da hainbestera heltzen, baina hauek ere ohiko bisitariak dira azken hamarkadan: 2012an jo zuten lehenengoz, eta aurten zazpigarrenez arituko dira herriguneko plazan. 

Lehiaketak
Erromeriez gainera, badira jai-giroa sortzen laguntzen duten beste hainbat ekimen ere. Esaterako, irailaren 3ko paella txapelketa. Aurtengo paellak itsaskiekin egindakoa izan beharko du. Lehiaketaren ondoren, herri bazkarian batuko dira denak. Tortilla egiten paella egiten baino abilagoa denak irailaren 10ean du horretarako aukera. Kasu honetan ere afari herrikoia egingo dute lehiaketaren ondoren. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!