Izurtzak 'Gertufest' jaialdia hartuko du irailaren 9an

Anboto 2022ko abu. 29a, 09:11

Arratsaldeko 17:00etatik aurrera musikariak, artisauak eta artistak batuko dira Santo Tomas parkean.

Korrala sormen gunea, Izurtzako Udala eta hainbat herritar Gertufest jaialdia antolatzen ari dira irailaren 9ari begira. Jaialdia Santo Tomas parkean egingo dute, eta askotariko ekintza kulturalak batuko dituzte bertan. Besteak beste bakarrizketak, iraupen laburreko antzerki obrak, dantza, musika eta clown ikuskizunak. Horrez gainera, inguruko artisautza produktuak eskuratzeko aukera ere egongo da eremuan. Halaber, ez dira faltako irakurketarako eremua, jokoak, grafittiak eta terraza zerbitzua. Antolatzaileek diotenez, kontsumo arduratsua sustatzea eta herritar guztiei begirako ekintza kulturalak eskaintzea dira jaialdiaren oinarrietako batzuk. Ekintzak arratsaldeko 17:00etatik aurrera hasiko dira.

Egongo diren artisauak: art-Izar, Birak, Mai Mai sorkuntza, Kukupraka, Amalur, Aromatika shop, ANE, Agurtzane Telleria Larrañaga, Airean hula-hoop, eskuARTE, Biezko, Aratz Azpiri, Kenika, Warmi Lurra.

Egongo diren artistak: Las Paralelas antzerki konpainiak El Golpe ikuskizuna aurkeztuko du; Parena taldeak Siroko clown ikuskizuna; Joni Txintxes eta Billi Ladillas (musika); Txarli (zuzeneko grafittiak); Jammers (dantza urbanoak); Bagara kolektiboa (dantza garaikidea); Maite Lopez eta Gorka Madrazo (umorezko bakarrizketak).

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!