“Kartel bat diseinatzerakoan motibazioa garrantzitsua da, prestakuntzaz gainera”

Joseba Derteano 2022ko eka. 21a, 09:42

Argazkigintza eta kartelgintza ez dira Ignacio Conderen ogibidea, baina bai bere pasioa. Makina bat lehiaketatan parte hartu eta behin baino gehiagotan irabazi du. Bere sorterrian hainbat sari irabazi du. Orain Izurtzakoa gehitu dio bere palmaresari.

Kartelgintza aspalditik datorkizun afizioa da?
Bai, ni gernikarra naiz jaiotzez, eta han bizi nintzenean marrazkigintza eskolak hartzen nituen. Betidanik interesatu zaizkit irudigintza, argazkigintza eta diseinua.

Zer irudikatu gura izan duzu Izurtzako kartelean?
Izurtzako lagun bat dut eta hiru urte daramatzat lehiaketan parte hartu guran, baina arrazoi bategaitik edo besteagaitik ezin izan dut. Kartelaren ideia hauxe da: apur bat normalitatera bueltatzen gabiltza eta urte bian kaxa batean gorde ditugun jaietako oroitzapenak handik ateratzen hasi gara. Urrats horren ideia islatu gura nuen. Irudian, jaietako elementuak ageri dira. Esaterako, jaietako maskota den edo izan zen basurdea eta antzerakoak. 

Ez da sari bat irabazten duzun lehenengo aldia.
Ez, Traña-Matienan lau bat bider irabaziko nuen.  Abadiñoko egutegikoa ere bai, sanblasetako argazki lehiaketa… 

Gaur egungo gizartean ohiturak eta joerak arin aldatzen dira. Kartel lehiaketek modan jarraitzen dute ala beherakada bat gertatu da?
Diseinua gustuko duen jende gazte askok horrelako lehiaketak erabiltzen ditu bere sormena lantzeko. Ez nuke esango boom bat dagoenik, baina orain dela zortzi bat urte baino jende gehiagok parte hartzen du orain. Lehen gutxiago ginen. Alde batetik , profesional batzuk zeuden, Durangora eta herri handietara aurkezten zirenak. Gero, ni lako afizionatuak geunden, denbora ahal genuen tokitik ateratzen genuenak. 

Jende gehiago dabil eta gazteak prestatuta daude. Kartelen batez besteko kalitatea igo egin da?
Bai, baina kartel bat diseinatzerakoan motibazioa ere garrantzitsua da, prestakuntzaz gainera. Hau da, ez da ordainpeko lan bat, baliteke kartel batean ordu asko inbertitu eta ezer ez irabaztea. Horrek atzera bota zaitzake. Gustatu egin behar zaizu. Niri ez dit ardura ez irabazteak. Kartel bat diseinatzen dudanean edo argazki bat ateratzen dudanean gozatu egiten dut, horregaz jada irabazten nabil. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!