Izurtzara joatea hasieratik izan zuten buruan. Alde batetik, gertutasunagaitik. "Durango ondo-ondoan dago eta joan-etorriak errazak dira", adierazi du Pedro Mari Garcia zesta eskolako arduradunak. Bestetik, Durangokoagaz batera eskualdeko frontoirik luzeena da. Durangokoak 52 metro ditu eta Izurtzakoa hor inguruan ibiliko da, 14 koadro pasatxogaz. "Nagusiek eskertzen dute frontoi luzean entrenatzea", esan dute.
Izurtzako udalagaz hartu-emanetan ipini, eta haren oniritzia jaso zuten. Martitzen eta eguen arratsaldeetan entrenatzen dira, 17:30ean hasita, hiru orduz. 15 zestalari ibiltzen dira bertan. 12 urtez azpiko umeak Kurutziaga ikastolako frontoian entrenatzen dira. Beste frontoi batzuetan ere ipini zuten interesa: Berrizkoan, Gernikakoan, Markinakoan eta Lekeitiokoan, hain zuzen ere. Baina denetan arazo bera aurkitu zuten: erabilgarritasuna. Hau da, ez zegoen toki nahikorik.
Pilota eskolako gazteek beste inoiz ere jokatu izan dute Izurtzan. "Orain 20 bat urte, orduko zestalariek Izurtzan partiduak jokatu zituzten, Aldundiak antolaturiko jardunaldietan", gogoratu du Garciak.