Izurtzako baserri bat barrutik kiskalita geratu da sute baten ondorioz

Anboto 2022ko api. 17a, 20:01

Sutea gertatu den unean ez zegoen inor barruan.

Gaur, 17:40 inguruan, sute bat gertatu da 'Calero' lez ezagutzen den Izurtzako baserrian. Mañarira bidean eta Lejartza-Etxano auzorako sarreraren ondoan dago baserria, BI-623 errepidearen albo-alboan.

Suhiltzaileek barrualde osoa ureztatu eta sua itzaltzeko aparra bota dute. 19:30erako sutea "kontrolatuta" zegoen bertan lanean aritu den suhiltzaile baten esanetan. Barrualde osoa "kiskalita" zegoela adierazi du. Teilatua zatika erortzen ari zen eta, sutea kontrolatu ostean, suhiltzaileek kanpoaldetik jarraitu dute lanean garabi baten laguntzarekin.

Ertzainak eta larrialdi zerbitzukoak ere bertaratu dira. Azken hauek ez dute inor artatu behar izan. Ertzaintzako iturrien esanetan barruan ez zegoen inor sutea gertatu denean.

Baserria 'Calero' lez ezagutzen da aintzina karea egiten zelako bertan. Gaur egun, pertsona batzuek okupatuta zegoen.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!