Euskadiko Auzitegiak Bizkaiko epaitegiaren epaia berretsi du Izurtzako industrialdeko auzian

Joseba Derteano 2021ko aza. 29a, 10:56

Izurtzako Udalak —Arbizolea industrialdeko hainbat enpresaren defentsan— eta industrialde hartako Garaunza S.L. enpresak mantendu duten auzia amaierara heldu da. 2020an, Bilboko epaitegiaren epaia  Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira errekurritu zuen udalak. Auzitegi honek, 2021eko epaian, atzera bota du udalaren apelazio errekurtsoa. Bilboko Auzitegiaren erabakia "zuzenbideari lotuta" dagoela jasotzen du EAEko Auzitegiaren epaiak. Udalak ez du epai hau Gorenera errekurrituko.

Epai honen ondorioa da Arbizolea industrialdeko hainbat enpresaren artean 1.089.238  euro ordaindu beharko dizkiotela Garaunza S.L.ri. Udaletik aurreratu dute gestore bat arduratuko dela enpresa bakoitzak ordaindu beharrekoa zehazteaz eta gaia bideratzeaz. Edozelan ere, udala erantzule subsidiario lez geratuko da.

Auziaren sorburua 2007an dago. Orduan, Garaunzak industria-nabe bat eraiki zuen gune hartan, eta bere inguruan urbanizazio lanak egin zituen. Zazpi urte geroago, 2014an, udalak eta Arbizoleako hainbat enpresak industrialdeko urbanizazio lan batzuk egin zituzten.

Garaunzaren ustez, eurek eta gainerako enpresek ordaindu dutenaren artean ez da "berdinbanaketaren printzipioa" errespetatzen. Eta horrela izan behar luke "euren lurrak Arbizolea industrialdearen barruan daudelako" eta obrak egin arte "ez zelako lur kontsolidatua", jasotzen denez epaian. Gainkostua 1.089.000 eurotan kalkulatu zuten.

Udalak, ostera, bere defentsako arrazoibideetariko batean, arau subsidiarioen artikulu bati egiten dio erreferentzia. Artikulu horrek eraikitako lurzoruak eta lurzoru kontsolidatuak bereizten ditu: "Ez da berdinbanaketaren printzipioaren arau-hausterik, Arbizoleako lurzoru industriala kontsolidatu lez ordenatuta dagoelako, Garaunzaren partzela eraikigarria salbu". Horregaz batera, 2014ko hitzarmenak dagoeneko existitzen zen urbanizazioa "erramatatzea" zuen helburu eta "ez zuten zerikusirik Garaunzaren industria-nabeei loturiko urbanizazio lanekin". Hau da, espazio biak eta lan biak desberdindu egiten dituzte eta arau diferenteei lotuta daudela argudiatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!