Izurtzan auzotaxia martxan da hilaren 7tik, osasun zentroetara joan-etorriak egiteko

Joseba Derteano 2021ko eka. 14a, 08:59
Durangoko taxi guneko irudia. Bertako Pedro Maria Moreno Lopezek eskainiko du zerbitzua.

Izurtzako auzotaxia martxan da ekainaren 7tik. Zerbitzu honegaz, Izurtzan erroldatuta daudenek taxia prezio murriztu batean erabili ahalko dute, erabilera honegaz: osasun zentroetarako joan-etorriak. Herritarrek euren etxetik Izurtzako, Mañariko, Durangoko eta Iurretako osasun zentroetara joateko modua izango dute, hain zuzen ere.

Auzotaxiak garraiobide "azkar eta iraunkorra" eskaini gura die herritarrei, beti ere "arrazoizko prezioan", indarrean dagoen ordenantzak jasotzen duenez.

Joan-etorri bakoitzaren prezioa 2 eurokoa izango da. Bidaiari kopuruak ez du prezioa baldintzatzen; hau da, taxian lagun bat, bi edo hiru joan, prezioa berdina izango da. Joan-etorriaren gainerako kostua Izurtzako Udalak hartuko du bere gain.

Zehaztapen bat: auzotaxia Galdakaoko ospitalera joateko ere erabili ahalko da, baina, kasu horretan, tarifa arrunta ordaindu beharko da: euro bat kilometroko. Hau da, zerbitzuak ez du hobaririk izango.

Telefonora deitzen duenak Pedro Maria Moreno Lopez durangarra aurkituko du beste aldean. 16 urte daramatza taxista lanean, Durangon. Auzotaxi zerbitzuan aurretik ere badu esperientzia, iazko abenduan indarrean ipini zen Durangoko auzotaxian ere badabil lanean eta.

Izurtzako auzotaxia astegunetan egongo da erabilgarri: astelehenetik barikura, 07:30etik 20:00etara. Asteburuetan ez da zerbitzua indarrean egongo, eta ezta abuztuan ere.

Herrian erroldatuta dauden 16 urtetik gorakoek erabili dezakete. Adin horretatik beherakoek adin nagusiko batek lagunduta egon beharko dute.

Funtzionamendua
Erabiltzaileek, "ahal dela", kontsultaren aurreko egunean lotu beharko dute ordua taxistagaz, ordenantzak jasotzen duenez. Horretarako, telefono honetara deitu daiteke: 626 83 15 75. Erabiltzaileak mediku-kontsultako egiaztagiria erakutsi beharko dio taxistari, zerbitzuaren erabilera zuzena egiten dabilela erakusteko. Bestela, zenbateko osoa kobratuko da, hobaririk barik. Auzotaxia Izurtzako Udalak aspalditik indarrean ipini gura zuen zerbitzua da. Martxoaren 25eko udalbatzarrean eman zioten hasierako onarpena ordenantzari. Ondoren, alegaziorik egon ez denez, behin betiko onartu da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!