URA agentziak Izurtzako ibaiertz bat eraberritu du

Joseba Derteano 2021ko eka. 9a, 10:10

URA- Uraren Euskal Agentziak Mañaria ibaiaren ertzeko zati bat, Ibaizabalen adarra, zaharberritu du Izurtzan, Arbizolea industrialdearen parean, 2019an izan zen ibaiertzaren lerradura bat zabaltzea saihesteko.

Lerradurak ibaiertza hondatuta utzi zuen, lurra eta landaredia galduta, eta higadurak ubidearen parean diren udal-azpiegiturei eragiteko arriskua zegoen, URAk ohar batean azaldu duenez. Horrela, jausitako bloke askatuak kendu ondoren, ibaiertzeko lurra sendotzen ibili dira. Horretarako, harkaitz-ohantzean euskarriak sortu, enborrak gurutzatu eta espezie autoktonoak landatu dituzte.

Jarduketak 17.000 euroko aurrekontua izan du eta Izurtzako Udalak eta URAk jabari publiko hidraulikoaren ibilgu eta ertzetan ibai-mantentze lanak elkarregaz egiteko lankidetza-protokoloaren esparruan gauzatu da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!