Izurtzan ipiniko duten semaforo sistemak emaitza onak eman ditu beste herri batzuetan

Joseba Derteano 2021ko ots. 10a, 11:30

Izurtzako errepidean egiten dabiltzan aldaketen artean, hiru semaforo berri ipiniko dituzte. Beraz, laster, zazpi semaforo egongo dira Tabirako biribilgunearen eta Elizalde auzoaren artean. Herrigunetik igarotzen diren ibilgailuen abiadura moteltzea da helburua.

Semaforo guztiak sinkronizatuta egongo dira. Sistema horri 'uhin berdea' deitzen zaio eta Bizkaiko Aldundiko Mugikortasuna, Garraioa eta Errepideak Saileko iturrien arabera, emaitza onak eman ditu beste herri batzuetan. Abanto-Zierbena herriko Las Carreras auzoan, esate baterako. "Datuen arabera, Las Carrerasen 'uhin berdea' sistema instalatu ondoren, gehieneko abiadura %40 murriztu dela egiaztatu da", azaldu dute Aldunditik.

2019an Iurretako N-634 errepidean ipiniriko semaforoek ere sistema beragaz funtzionatzen dute. Busturiako BI-2235 errepidea, Gautegiz-Arteagako BI-2238 errepidea eta Galdakaotik Etxebarrira doan N-634 errepide zatia dira uhin berdea sistema txertatuta dagoen beste toki batzuk.

Funtzionamendua
'Uhin berdea' sistema semaforo denak sinkronizatzean datza; hau da, koordinatuta funtzionatzen dute. Horrela, tokiko abiadura muga errespetatzen duten ibilgailuek —50 km orduko, Izurtzaren kasuan— semaforo guztiak berde aurkituko dituzte, eta abiadura muga gainditzean gorri ipiniko da eta zirkulazioa eten egingo du, noranzkoa edozein dela ere.

Obren iraupenari dagokionez, "hilabetekoa izatea espero da, udalak ingurua urbanizatzeko obrak egiten dituen neurrian", azaldu dute Aldunditik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!