Durangaldeko Mankomunitateak indartu egin du etxerik gabeko pertsonentzako gaueko harrera zerbitzua, Izurtzan beste 15 plaza egokituz

Joseba Derteano 2021ko urt. 13a, 09:32
Herriguneko errepidearen ondoan eta elizaren parean dagoen eraikin honetan hartuko dituzte etxegabekoak

Zerbitzu hori Izurtzako higiezin batean martxan jarrita, Mankomunitateak bikoiztu egiten ditu Errotan orain arte erabilgarri zituen plazak.

"Baliabide berri hori egoera zaurgarrian dagoen kolektibo horri babes handiagoa emateko aktibatu da, hotz handieneko hilabeteetan, eta Covid 19ren pandemiak mugitzeko murrizketa berriak sortu ditzakeela kontuan izanda", azaldu dute Mankomunitateko ohar batean.

Martxoaren 31ra arte zabalik egongo den neguko aterpetxea Gurutze Gorriak kudeatzen du, Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuen laguntzarekin, eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza du.

Horrela, Durangaldeko Mankomunitateak aterpetxe bat modu jarraituan kudeatzen du Durangon, bazterketa egoeran dauden pertsonei gaua pasatzeko baliabide bat emanez, mantenurako eta higiene pertsonalerako oinarrizko prestazioez gainera. Neguan 10 pertsona artatzeko ahalmena du, eta udan 5, eta urte osoan dago martxan. Gainera, beharrezkoa izanez gero, indartu egiten da salbuespen-egoerei erantzuteko, Covid 19aren krisia dela eta 2020an ezarritako konfinamenduaren kasuan gertatu zen bezala.

Zerbitzua, premien hasierako balorazioa eta esku-hartze sozioedukatiboa eta psikosoziala barne hartzen dituzten gizarte-zerbitzuekin osatzen da. Zerbitzua, bazterketa egoeran dauden Amorebieta-Etxanoko, Ermuko eta Mallabiko, Durangaldeko Mankomunitatean dauden udalerri guztietako, Lea Artibaiko eta Lea Ibarrako pertsonei –pasoko pertsonei eta etxerik gabekoei batez ere– zuzentzen zaie.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!