Izurtzako Bitaño auzoko bizilagunek sinadurak batu dituzte auzo horretan dagoen ehiza gunea kendu dezaten eskatzeko

Joseba Derteano 2020ko urr. 21a, 09:25

Ehiza denboraldia oraintsu hasi da eta Izurtzako ehiza guneetariko bat Bitaño auzoko lurretan dago. Hango hainbat bizilagun sarritan kexatu dira ehiza denboraldiak eragiten dizkien eragozpenen inguruan, eta aurten urteroko egoera errepikatzen dabilela diote. Hori dela-eta, sinadura bilketa bat egin dute, ehiza gune hori kendu dezaten eskatzeko.

Bitañon bizi den Marili Urkizak azaldu duenez, auzotarrik gehienek sinatu dute eskaera, eta udaletxean aurkeztu dute. Udalak, bere aldetik, Bizkaiko Foru Aldundira bideratu ditu sinadurak eta eskaera, harek baitu horretarako eskumena. Udal arduradunen esanetan, herriko ehiza elkarteari ere helarazi diote dokumentua, jakitun egon daitezen.

Goizean goizetik ehiztarien tiroek ateratzen duten zarata, horrek bizilagunei ez ezik etxeko abereei eragiten dien estresa eta, orokorrean, baserrien ondoan ehiza gune bat izateak eragin ditzakeen arriskuak aipatu ditu, besteak beste, Urkizak ehiza gunea kentzeko eskaera arrazoitzeko. Gainera, gogoratu du aurtengo abuztutik Izurtzan martxan dauden Nordic Walking ibilbideetariko bat handik ingurutik igarotzen dela eta bide horretatik dabiltzan oinezkoak ere arrisku taldearen barruan sartzen direla. Oraingoa ez da Bizkaiko Foru Aldundira jo duten lehenengo aldia, baina oraingoan, eskaerari auzotarren sinadurak gehituta, eragin handiagoa izatea itxaroten dute.

Aurretik beste bide batzuk ere urratu dituzte. Esaterako, iaz Arartekora jo zuten, baina bide horretatik ere ez dute aurrerapausorik lortu oraingoz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!