Herriguneetatik asko urrundu barik, oinezean ariketa egin eta inguruko paisaiekin eta aberastun kultural zein historikoekin gozatzeko aukera eskaintzen dute Nordic Walking ibilbideek. Euskal Herriko sareak 35 zentro ditu eta euretako bat egunotan inauguratu duten Izurtzakoa da.
Lau ibilbide zirkularrek osatzen dute. Laburrenak kilometro bi ditu eta luzeenak ia bederatzi. Ibilbide bakoitza kolore batekin seinaleztatu dute eta koloreek zailtasun maila adierazten dute. Ibilbide denak herrigunean hasi eta amaitzen dira.
Urte bian egindako lanaren ondorioa da. "Izurtza herrigunea zeharkatzen duen errepidetik ikusten dena baino askoz gehiago da eta gure herriko aberastuna ezagutara ematea izan dugu helburu", adierazi du Lorea Muñoz alkateak. Gainera, ekimena une aproposean abiatu dela uste du, "konfinamenduaren ostean gero eta jende gehiago dabilelako oinez".
Herriko aparkalekuan informazio panel bat jarri dute. Eskuorriak ere atera dituzte eta udaletxean zein Durangoko Turismo Bulegoan eskuratu daitezke.
Etorkizunean ibilbideetako tokirik esanguratsuenetan informazio panel gehiago jartzeko asmoa dute eta horretarako Gerediaga Elkartearekin elkarlanean dabiltza.
Udalak Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du proiektua aurrera eramateko.
Ibilbide berdea
Denetan laburrena eta errezena da, ia bi kilometrorekin, eta Elizalde ingurutik ibiliko dira ibiltariak.
Ibilbide urdina
Lau kilometro pasatxoko ibilbidea da eta ordu eta laurden inguruan egin daiteke. Besteak beste Etxano auzotik igarotzen da.
Ibilbide gorria
Sei kilometroko ibilbidean zehar Lexartzadorretik eta Goikopalaziotik ibiliko dira, besteak beste, ibilbide hau aukeratzen dutenak.
Ibilbide beltza
Neberondotik zeharreko ibilbide hau denetan luzeena eta exigenteena da 8.8 kilometrorekin.