“Badago eskaria baserriko ogia erosteko, baina kontsumoa ez doa gorantza"

Jesus Garate 2020ko ots. 9a, 10:15

Ogia egiten du Jesus Garatek (Izurtza, 1971) bere anai-arrebekin, lehengusinagaz eta ilobekin batera aurrera daramaten dendan. Ez du bere burua okintzat hartzen, ortuariak, gazta eta beste hainbat produktu ere saltzen dituzte eta. Sei hamarkada baino gehiagoko historia duen dendan jarduten dute ezagun egin duten baserriko ogia ekoizten, goizaldetik arratsaldera arte.

Lan dezente egingo duzu aste osoan...
Asteburuetan eta astelehenetan egiten dugu gehien, Gernikako asteleheneko merkatura joaten gara eta. Bestela, 200 bat ogi egiten ditugu egun arrunt batean.

Handia al da asteburuko eta aste bitarteko salmenten arteko aldea?
Aste bitarteko lau egunetan, 60 bat kilo irin erretzen ditugu, eta beste hiru egunetan, 300 bat kilo.

Alde ederra baserriko ogitik beste ogietara.
Baserriko ogia garestia dela diote. Gaur egun, ogiaren bolumenari begiratzen zaio, eta pisuan, proportzioan, baserriko ogia merkeagoa da besteekin alderatuta.

Hazi egin da baserriko ogiaren salerosketa?
Badago eskaria, bai, baina kontsumoa ez doa gorantza, ez da gehiago saltzen. Egia esan, gu ez gara mugitzen etxeetara, ezta gura ere. Guk jendea etortzea gura dugu, denda lez funtzionatu, ditugun beste produktuak saldu ahal izateko. Ogia bakarrik gura duen bezeroa ez da gehien interesatzen zaiguna; txorizoak eta ortuariak ere saldu gura ditugu. Dendek ere proposatu izan digute inoiz, baina ezetz esaten diegu; gure bezeroak badaki non gauden, eta dendetan saltzeak ez du esan gura gehiago salduko denik, baizik eta irabaziak zatitzea.

Zein adinetako jendea dator? Ohitura duena baino ez dator, ala gazteak ere badatoz?
Adin guztietako jendea dator, baina, egia esan, gazteek egunean bertan jateko ogia erosten dutela, eta helduagoek ia aste osorako erosten dute asteburuetan.

Zenbat orduan lan egiten duzue egunero?
Esnatzen garenetik zabalik dago, eta hamar ordutik gora egiten ditugu hemen. Egun osoan martxan gabiltza, baina zenbait unetan atsedena ere behar izaten dugu, bazkalorduan esaterako, eta bezero batzuk orduantxe etortzen dira. Batzuk kasualitatez etortzen dira, baina beste batzuek ohitura dute ordurik txarrenean etortzeko. Gurata egiten dutela ematen du.

Horrelakoei ogirik eskasena eman orduan...
...egin izan dugu inoiz, ez pentsa!

Zenbat urte darama zabalik dendak?
Inork ere ez zuen zabaldu. Lehen, baserrietan, etxeetan, egiten zen ogia. Apurka ohitura galtzen joan zen heinean, gure gurasoek lanagaz jarraitzea erabaki zuten. Dendak 63 bat urte darama zabalik.

Asko saldu zenuten Abadiñoko San Blas egunean?
Ez genuen itzelean saldu. Egundoko eguna egin zuen, eguzkitsua, eta jende asko ibili zen, baina ez genuen horrenbeste ere saldu. Gazta eta ogia paretsu saldu genituen, ogia apur bat gehiago. Bestela, jendeagaz tratuan ibili ginen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!