Bizikleten gehiegizko abiadura dela-eta, Izurtzako Udalak abiadura zaintzeko seinaleak ipiniko ditu auzoetan

Joseba Derteano 2019ko abe. 4a, 08:34

Izurtzako Udalak Tokiko Agenda 21eko batzarra egin du oraintsu herritarrekin. Batzar hori udaleko asmoen berri emateko zein herritarren ekarpenak jasotzeko erabiltzen dute urtero. Bertan, hainbat herritarrek euren kezka adierazi zuten, mendi bizikletan ibiltzen direnak auzoetatik gehiegizko abiaduran ibiltzen direlako, batez ere aldats beheretan, eta egoera arriskutsuak sortu izan direlako, bai bizilagunekin, bai etxeko abereekin.

Egoeraren aurrean, udalak neurriak hartzeko asmoa du. Auzoetan seinaleztapenak ipiniko dituzte, bidean abereak egon daitezkeela ohartarazteko eta abiadura zaintzeko eskatzeko. "Aurrekontuetan diru atal bat sartuko dugu horretarako", adierazi du Lorea Muñoz alkateak. Auzoetan oinezkoen eta bizikleten arteko bizikidetza hobetzeko, "kontzientziazio" lana garrantzitsua dela adierazi du Izurtzako alkateak, eta auzotarrentzat "errespetua" eskatu du.

Auzotar baten testigantza
Nerea Zarrabeitia Izurtzako Bitaño auzoko Etxetxu baserrian jaio zen eta Izurtzan egiten du bizimodua. Bere baserritik herrigunera doan bideak aldats behera datorren beste bide bategaz egiten du bat herrigunera heldu aurretik, eta ingurune hori oinezkoentzat arriskutsua izaten dela dio. "Aldats behera handia dago eta txirrindularirik gehienak abiadura handian bajatzen dira. Ez dute kontuan hartzen abereek, oinezkoek eta umeek bidea gurutzatu dezaketela", azaldu du. Berari gertatutako adibide batzuk ipini ditu. "Askotan, umeekin etxerako bidean, besoetan hartu behar izan ditut bizikletek jotzeko beldurragatik. Beste batzuetan, etxetik kotxean irteterakoan, nahiz eta hamaika bider begiratu goitik norbait datorren, sustoak eduki izan ditugu, bizikletan arinegi datozelako. Konturatzen zarenerako, gainean dituzu", gogoratu du.

Pertsonekin ez ezik baserriko abereekin ere arazoak sortzen dira Zarrabeitiaren esanetan. "Auzoko batek bide horretatik gurutzatzen ditu zaldiak eta ardiak, eta aldats behera datozenak, hain arin etorrita, ez dute astirik gelditzeko. Aurreko batean, txakur bat galduta ibili zen auzotik, eta bizikletadun bat gure etxera etorri zen abisatzeko. Beldurtuta zegoen beste bizikletadun batek jo eta istripua eragin zezakeelako", azaldu du. Bizikleten gehiegizko abiaduraz gainera, autoena ere aipatu du. "Maldan behera abiadura handia hartzen dute, eta neguan, euriagaz, edo gauetan, arrisku handia dago nahiz eta bide bazterretik joaten garen", dio.

Horiek horrela, begi onez ikusten du udalak seinaleztapenak ipintzeko duen asmoa, baina hausnarketa kolektibo baten beharra azpimarratu du. "Denok ipini behar dugu zentzu apur bat gure aldetik, ezer larria gertatu baino lehenago", eskatu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!