“Ehiza denboraldiak irauten duen lau hileetan ezin dugu bizimodu normala egin”

Joseba Derteano 2019ko urr. 1a, 09:30

Ehiza denboraldia hasten denean, Bitañoko auzotarren bizimodua aldatu egiten da. Jesus Oñate, Maribi Erdoiza, Maribi Urkiza, Angel Erdoiza eta Iñaki Rueda ehiza postuz inguratuta bizi dira, eta horrek hileetan eragindako kalteak salatu dituzte. Maribi Erdoizaren sinaduragaz, idatzi bat ere bidali dute Bizkaiko Aldundira, Bitañoko ehiza guneak debekatu ditzaten eskatzeko.

 

Zeintzuk dira arrazoi nagusiak ehiza gunearen debekua eskatzeko?
Iñaki Rueda: Hainbat daude. Batetik, auzotarren segurtasuna dago.
Angel Erdoiza: Ortuan edo landan nabilenean, perdigoiak goitik behera jausten zaizkit batzuetan. Baserrira ere heldu izan dira perdigoiak.
Jesus Oñate: Niri berdina gertatzen zait. Nire ortura perdigoiak jausten dira, eta ni bertan lanean banabil burura jausten zaizkit.
I.R.: Niri hauxe gertatzen zait: Irailean ehiza denboraldia hasten denetik otsaila hasten den arte, nire ilobak ez dira baserrira etortzen. Gurasoek beldur handia dute eta ez dituzte ekartzen, segurtasun kontuengatik. Beraz, ez da Bitañoko auzotarrengana mugatzen den arazoa. Beste adibide bat: geroago eta jende gehiago etortzen da inguru honetara paseatzera. Tiroak entzun eta, jakina, estutu egiten dira, ez dakitelako nondik eta nora dabiltzan tiroka.
Maribi Erdoiza: Ehiza denboraldiak irauten duen lau hileetan ezin dugu bizimodu normala egin.

Beraz, pertsonen segurtasuna da arrazoi bat.
J.O.: Bai, baina ez bakarra. Kutsaduraren arrazoia ere hor dago.
I.R.: Perdigoiak berunez eginda daude. Ikertzen ibili naiz eta oso material toxikoa da. 100etik 300 urtera behar ditu desegiteko. Imajinatu hemen ehizan egin izan den 50 bat urtean zenbat berun jausiko zen ortura eta landetara! Lurra baino plomu gehiago dago.
Maribi Urkiza: Plomua lurragaz nahasten da edo azetako eta beste ortuarien hostoen artean geratu daiteke. Ortuari horiek kontsumitu egiten ditugu!
I.R.: Hori ortuen kasuan, baina landetara ere jausten dira perdigoiak. Kasu horretan, perdigoia eta bolbora banatzen dituen plastikozko takoa da arriskutsua. Ikertu dudanaren arabera, 60 urte behar ditu desegiteko. Landara jausten dira eta gero fardo artean geratu daitezke. Abereek fardo horiek jaten dituzte.

Iñaki, Aldundiko teknikari bategaz hartu-emanetan zaude. Zer esan zizun?
I.R.: Arau-hausteak ikusten baditugu, Ertzantzara jotzeko erantzun zidan, idatziz. Baimenak eman eta gero, eskuak garbitzen dituzte.

Arartekora ere jo duzue.
I
.R.: Bai. Arartekoko abokatu bategaz batu nintzen, martitzenean. Gertatzen zitzaiguna ezin zuela sinistu esan zidan. Pauso ofizial bat behar dute aurrera egiteko. Beraz, Aldundian dosier bati sarrera eman nion, hango zigilua izateko. Horrela, pare bat hileren barruan Aldundia behartuta dago Arartekoari erantzun bat ematera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!