Enbeitaren eta Amurizaren bertso saioa eta Luhartzen erromeria gozagai Izurtzako jaietan

Joseba Derteano 2019ko abu. 29a, 09:30

Datozen asteburu bietan, ekimenez betetako sei jaiegun izango dituzte izurtzarrek. Tradizioari eutsiz, festa giroa ez da herrigunera bakarrik mugatuko eta Santa Ageda zein Santo Tomas ermita inguruak ere protagonista bihurtuko dira. 

Domeka honetako ekimenak, esaterako, Santa Ageda ermitaren inguruan izango dira. Gura dutenek bertara kalejiran joateko aukera izango dute, Jaizale txistularien doinuek lagunduta. Meza-ostea Mendigain dantza taldearen saioak girotuko du, eta, ondoren, kantu poteoa egingo dute. Kanta tradizionalak ez dakizkitenei laguntzeko, kantak idatziz jasotzen dituzten eskuorriak banatuko dituzte.

Bazkalostean, umorezko monologoa eskainiko du Jose Cruz Gurrutxagak. Lotxo taldearen erromeriagaz amaituko dute eguna.

Santo Tomasen, bertso saioa
Irailaren 7an Santo Tomas eguna ospatuko dute izen bereko ermitaren bueltan. Normalean domekan ospatzen den jai eguna zapatura aurretu dute aurten, Erdoitzako Amaren egunagaz bat egiten duelako. 

Gustu guztietako ekimenak prestatu dituzte, tartean goi mailako bertso saioa Onintza Enbeita Bizkaiko bertsolari txapeldunagaz eta Miren Amuriza berriztarragaz. Arratsaldea tortilla txapelketagaz eta Luhartz taldearen erromeriagaz errematatuko dute. 

Bakailaoa Bizkaiko erara
Jaietako gainerako egunak herrigunean ospatuko dituzte. Esaterako, zapatu honetan bakailao lehiaketa egingo dute plazan, Bizkaiko erara. Urtero plater desberdinak kozinatzen dituzte. Orain urte bi ere bakailao lehiaketa egin zuten, baina nork bere gustura prestatu ahal izan zuen. Aurten Bizkaiko erara egitea da lehiaketako oinarrietariko bat. 

Irailaren 8a izango da jaietako azken eguna. Herrigunean izango diren ohiko lehiaketei —mus eta igel txapelketak, esaterako— berri bat gehitu diete aurten: partxis txapelketa. 

Argazki lehiaketa
Aurten, bosgarren urtez, argazki lehiaketan parte hartzeko aukera egongo da. Irudirik onenak sarituko dituzte eta jasotako argazkirik onenekin erakusketa egingo dute abenduaren 6an egiten den Gazta, Ardo eta Ogi Azokan.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!