Izurtzako erabilera anitzeko gunea egiteko lanak hilabete eta erdiren barruan hasteko asmoa dute

Joseba Derteano 2019ko api. 9a, 16:00

Izurtzan, laster hasiko dira gaztelekua dagoen tokian erabilera anitzeko gunea egiteko asmoa errealitate bilakatzen. Aurreikuspenak betetzen badira, lanak hilabete eta erdiren barruan hasiko dituzte.

Eguaztenean egindako udalbatzarrean, EH Bilduk eta EAJk aho batez esleitu zituzten lanak. Gasteizko Indenort enpresak eramango ditu aurrera, Mañariko kiroldegia egiten ari den enpresak berak. 194.000 euro izango ditu lanak egiteko. Hurrengo urratsa eurekin kontratua sinatzea izango da. Aste honetan bertan gauzatu daiteke tramite hori. Une horretatik aurrera, Indenortek hilabeteko epea izango du lanak hasteko.

Alde batetik, barruko espazioa berrantolatuko dute, eta gela handi  bakarrean edo gela bitan banatuta erabiltzeko modua egongo da. Bestetik, eraikina eraberritu egingo dute. Argiteria berriztu eta aireztapen zein berogailu sistemak jarriko dituzte, eta hormei hezetasunaren kontrako tratamendua emango diete. Horrez gainera, kanpoko argitasun naturala hobeto aprobetxatzeko, plazarako tunelaren aldetik leiho berriak egingo dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!