Eskuagatx mendiko lur zati bat Izurtzarena dela azaleratu dute egindako ikerketek

Joseba Derteano 2019ko api. 3a, 15:30

Eskuagatx mendian eta Urkiola Parke Naturalaren barruko lurretan 53 hektareako lur zati bat du Izurtzak. Aldundiko katastroan ez da jasota egon titulartasuna Izurtzakoa zela.

Horregatik, Izurtzako Udalak eta Aldundiak, elkarregaz, ikerketak agindu dituzte. Arlo horretako adituek eskura zeuden dokumentuetan arakatu dute eta eremura bertara joan dira. Perimetroan zehar, sasoi bateko hainbat mugarri aurkitu dituzte, esaterako. Informazio horregaz guztiagaz zehaztu ahal izan dute perimetroa.

Mañaritik Urkiola igotzen hasi eta eskumako aldean dago 53 hektareako lur zati hori, Eskuagatxen mendi-hegalean. Behetik gorako norabidean, laukizuzen itxura du. Mañariko hainbat lur pribatutan egiten du muga lau aldeetan. Izurtzako lur horien mugaketa ekainean egingo dute ofizial, Aldundiak iragarri duenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!