Izurtzako Udalak prest dauka Gaztelekua erabilera anitzeko gune bihurtzeko proiektua

Anboto 2018ko abe. 12a, 10:10

Gaztelekua erabilera anitzeko gune bihurtzeko egitasmoa aurrera doa apurka. Izurtzako Udalak esku artean du dagoeneko proiektua. Aurrekontuetan diru atal bat sortu ostean, baldintza orria landuko dute eta lanak 2019ko lehenengo hiruhilekoan esleitzea da helburua. 169.000 euroko inbertsioa aurreikusten du.

Espazio berriak "ahalik eta erabilerarik zabalena" izatea gura dute, Lorea Muñoz alkatearen berbetan, eta ideia hori izan da proiektuko zutarrietako bat. Horrela, barruko espazioa gela bakar baten moduan erabili ahalko da, baina, beharrizanaren arabera, gela bitan ere zatitu daiteke, itxitura moduan horma mugikor bat erabilita. Bitan zatituta dagoenean, 30 eta 40 metro karratuko gela bana sortuko dira.
Erabilera anitzeko guneak komun berriak izango ditu eta ez gaur egun dagoen tokian, baizik eta beste aldean. Horrez gainera, materiala gordetzeko armairuak ere jarriko dituzte.

Eraikina eraberritu
Espazioa berrantolatzeaz gainera, eraikina eraberritu egingo dute. Argiteria berriztu eta aireztapen zein berogailu sistemak jarriko dituzte, eta hormei hezetasunaren kontrako tratamendua emango diete. Horrez gainera, kanpoko argitasun naturala hobeto aprobetxatzeko, plazarako tunelaren aldetik leiho berriak egingo dituzte.

Gaztelekua erabilera anitzeko gune bihurtzeko ideia Tokiko Agenda 21eko batzar batean bururatu zitzaien, iaz. Harrezkero, udala egitasmoa aurrera eramateko pausoak ematen aritu da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!