Euskal Herriko hainbat lekutatik ekarritako postuekin beteko da Izurtzako frontoia abenduaren 6ko azokan

Joseba Derteano 2018ko aza. 29a, 09:20

San Nikolas eguna azoka bategaz ospatzen hasi ziren orain zortzi urte eta, harrezkero, Gaztardogi feriak ez du hutsik egin abenduaren 6an. Aurten ere, udalak antolatuta, Euskal Herriko hainbat lekutatik ekarritako postuekin beteko da pilotalekua, 11:00etatik 15:00etara.

Azokaren izenagaz bat eginda, frontoiko luze-zabalean jarriko diren postuetan gazta, ogia eta ardoa ipiniko dituzte salgai hainbat ekoizlek, baina txakolinak, sagardoak, barazkiek, txerrikiak, eztiak, likoreek, loreek, landareek eta pateak ere izango dute lekua.  

Azoka beste hainbat ekimenegaz jantziko dute. 11:00etako mezaren ostean, Mendigain dantza taldeak saioa eskainiko du plazan. Eguerdian, Euskal Labeldun oilasko pintxoak jateko aukera egongo da (euro bian) plazan jarriko duten postuan. Urtero egiten duten legez, txartelak egongo dira pintxoak eta edaria dastatu ahal izateko. Txartelak udaletxean egongo dira eskuragarri.

Azkenik, jaietako argazki lehiaketara aurkeztutako argazkirik onenekin erakusketa antolatuko dute jubilatuen lokalean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!