Nikolas Alzola ‘Bitaño’ idazle eta margolaria gogoratzeko ekitaldi sorta prestatu dute

Joseba Derteano 2018ko urr. 31a, 10:14
Antton Mari Aldekoa-Otalorak —ezkerrean— liburuaren gaineko azalpenak eman zituen; Martin Lasa —erdian— lasalletarrak Alzolaren bizitzari buruzkoak eta Jose Julian Bakedanok —eskuman— margolanen ingurukoak.

Atzo bere margolanekin osatutako erakusketa inauguratu zuten Durangoko Arte eta Historia Museoan.

Nikolas Alzola Gerediaga ‘Bitaño’ (1922-1982) idazle, euskaltzale eta margolari izurtzarraren sormen lana balorean jartzeko ekitaldi sortari hasiera eman zioten atzo Durangoko erakusketarekin. Aretoa bete egin zen inaugurazio ekitaldian. Durangaldeko paisaien inguruko 36 akuarela dira, euretako batzuk bera jaio zen Tontorra baserriari buruzkoak. Arte abstraktuan egin zituen saiakerak erakusten dituen hiru koadro ere gehitu dituzte erakusketara.

Liburua eta ibilbide literarioa

Hurrengo ekitaldi biak Izurtzan, bere sorterrian, izango dira. Azaroaren 9an, 19:00etan, Mugarrapetik kontu kontari; Esku bete atal liburua aurkeztuko dute Izurtzako elizan. Alzolak idatzitako ipuinak jaso dituzte liburuan, berak egindako marrazki batzuekin lagunduta. Antton Mari Aldekoa-Otalora, Xabier Boveda, Alberto Errazti eta Sebastian Gartzia dira egileak eta euretako batzuk emango dituzte azalpenak aurkezpenean. Liburua 14 euroren truke eskuratu daiteke Arte eta Historia Museoan.

Azkenik, azaroaren 11n, ibilbide literario bat egingo dute Izurtzan. 09:00etan abiatuko da plazatik. Alzolak Izurtzan kokatu zituen bere ipuin asko (Bekotorren, Santa Ageda ermitan, Etxaburutorren, Tontorra baserrian…) eta euretatik zehar antolatu dute ibilbidea. Bitañotik igo eta Bidekurutzetatik jaitsiko dira, Lexartza auzotik herrigunera itzultzeko.

Erakusketan ikusi daitezkeen Alzolaren margolan batzuk:

 


Nerea Mujika Gerediagako presidentea eta Lorea Muñoz Izurtzako alkatea atzoko aurkezpenean.


ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!