Izurtzako herritarrak sinadurak batzen hasi dira ibilgailuen gehiegizko abiadura dela-eta

Joseba Derteano 2018ko urr. 26a, 16:20

Trafikoak herrian eragiten dituen arazoei aurre egiteko, plataforma batean batu dira hainbat herritar. Arazoa gizarteratzea eta irtenbideak eskatzea dituzte helburu nagusiak.

Herrigunetik pasatzean, ibilgailuek daramaten gehiegizko abiadura da kezkatzen dituen arazoetako bat. Izurtzako Udalak Bizkaiko Aldundiagaz izandako batzarrek fruiturik eman ez dutela  ikusita, plataformakoek aurrez aurre batzartu gura dute Aldundiko ordezkariekin arazoen berri lehenengo pertsonan emateko. Bide hori urratzeko, sinadurak batzen hasi dira. Bi modutara egingo dute. Batetik, etxerik etxe ibiliko dira. Bestetik, plazan postu bi jarriko dituzte zapatu honetan eta azaroaren 10ean, 12:00etatik 14:00etara.

Arauzko abiaduratik gora
Plazako postuetan informazioa jasotzeko aukera izango dute herritarrek. Esaterako, Endara ingeniari elkarteak egindako azterketan agertzen den informazioa zabalduko dute. Txostenak jasotzen duenez, batez beste, egunero 7.780 ibilgailu igarotzen dira Izurtzako herrigunetik, eta %50ek baino gehiagok araututako abiadura gainditzen du. Ibilgailuen %15ek 66 kilometro orduko abiadura gainditzen du eta detektatu duten abiadurarik altuena 115 kilometro ordukoa izan da.Egoera horren aurrean, irtenbideak eskatzen dituzte plataformakoek: radar bategaz zaintzea, argidun panelak jartzea, biribilgune bat egitea…

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!