Airearen kutsadura, kutsadura akustikoa, herrigunea bitan zatitzea eta ibilgailuen gehiegizko abiadura. Horiek dira BI-623 errepideak eragiten dituen kalte nagusiak, udalak ohar batean zerrendatu dituenez. Irtenbideak “sarritan” eskatu dituztela diote, “baina momentuz ez dugu arazoan eskumena duten erakundeengandik inolako konponbiderik jaso”.
Horregatik, mugikortasun astea egoera hori lau haizetara zabaltzeko baliatuko dute kanpaina baten bidez. Bi dira helburuak: gidariei abiadura mugak errespetatzeko eskatzea eta erakundeek neurriak har ditzaten eskatzea.
Mezuak kale-argietan
Udalak gai horren inguruko herri batzarra deitu zuen martitzenean eta 20 bat lagun batu ziren. Batzarretik irtendako ideiei jarraituz, kale-argi batzuetan mezu desberdinak jarri dituzte eta etxeetako balkoi eta leihoetan jartzeko banderak banatu dituzte.
Horrez gainera, bildutakoek berriro batzeko eta aldarrikapenen alde lan egiteko konpromisoa hartu dute.