"Kartel koloretsua eta alaia egiten saiatu naiz"

Joseba Derteano 2018ko abu. 30a, 12:40

Izurtzarrek Iñigo Peñak egindako kartela aukeratu dute aurtengo jaiak iragartzeko.

Iñigo Peña Hernandezek (Basauri, Izurtzan bizi da, 1983) diseinatutako kartelak irabazi du, aurten, udaletik abiatutako lehiaketa. Dantza eta kolorea uztartu ditu kartela egiteko. "Dantzarien argazki bat du sorburu. Dantzarien jantzietako osagaiekin zerbait egin zitekeela bururatu zitzaidan. Oinarri horren gainetik kolorera nagusitzen da. Jaietarako zenez, kartel alaia eta koloretsua izan zedin saiatu naiz", adierazi du Peñak.

Kartelak egitea afizio du, baina, momentuz, Izurtzako lehiaketara baino ez da aurkeztu, birritan. "Beharbada animatuko naiz beste lehiaketa batzuetan parte hartzen. Aztertu egin beharko dut", adierazi du.

Aurtengo kartel lehiaketa berezia izan da, izurtzarrek aukeratu dutelako irabazlea. Lehiaketara aurkeztutako kartel denekin postu bat jarri zuen plazan udalak, eta gehien gustatzen zitzaiena bozkatzeko aukera eskaini zien herritarrei. Peñaren proposamenak jaso zituen botorik gehienak. "Lehiaketa irabaztea sorpresa izan zen, egia esanda, eta oso pozgarria ere bai. Izan ere, herritarrek aukeratu dutela jakiteak balio erantsia ematen dio", Peñaren ustez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!