Plazako jolasgune handitua zabalik dago, eta lehen baino txin-txaun eta jolas gehiago ditu

Joseba Derteano 2018ko uzt. 18a, 10:15

Izurtzako gaztetxoek prest dute jolasgune eraberritua. Aurrekoa baino handiagoa da eta txin-txaun gehiago ditu. Aurrekontuetako 14.000 euro erabili ditu udalak jolasgunea handitzeko.

Uztailaren 10ean egin zituzten azken ukituak eta eguaztenean zabaldu zuten jolasgunea. Tokiko Agenda 21eko batzar batean gurasoek eurek aukeratutako jolasak gehitu dituzte. Txirrista da nobedadeetako bat. Umeen artean arrakastarik handienetakoa izaten duen jolasa da. Etxe baten itxurako eskalada-horma bat ere gehitu dute. Umeak etxeko teilatuan gora eta behera ibili daitezke, eskalatzaileak bailiran. Tokian bertan bueltak ematen dituen txin-txauna da beste berri bat. Jolasgune osoan umeak erorikoetatik babesteko zoru berezia jarri dute. "Pozik gaude jolasgunea zelan geratu den, eta umeak olgetan pozik ibiltzea espero dugu", adierazi du Lorea Muñoz alkateak.

Leihoak aldatu dituzte
Jolasguneaz gainera, beste obra batzuk ere egin dituzte plaza inguruan. Nagusien lokaleko zein Argintxu elkarteko eta osasun zentroko leihoak aldatu ditu udalak, 30.000 euroko inbertsioa eginda.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!