Izurtzako plazan dagoen jolasgunea handitu egingo dute aurtengo urtean, aurrekontuetako 14.000 euro erabilita

Joseba Derteano 2018ko eka. 7a, 12:00

2019ko aurrekontuak onartu zituzten Izurtzako azken udalbatzarrean. 651.851 eurokoa da zenbateko osoa. Hainbat inbertsio daude eta plazako jolasgunea handitzea da horietako bat, Tokiko Agenda 21eko batzarrean gurasoek egindako eskaerari erantzuteko.

Batzar berean aukeratu zuten zein jolas jarri, gurasoen iritzia kontuan hartuta. Txirrista bat, etxetxo bat eta bueltak ematen dituen jolas bat gehituko dizkiete gaur egun daudenei. Zorua, berriz, erabat aldatuko dute. Gune berrian jarriko duten zoru berezia jarriko dute gaur egungo jolasgunean ere, espazio osoari homogeneotasuna emateko. Lanak Bermeosolo enpresari esleitu dizkio udalak, eta ahalik eta arinen hastea da asmoa.

Udalaren jabetzakoa den Txakurzulo baserrian ere hobekuntzak egingo dituzte aurten. Iazko urte amaieran egindako ikuskapen teknikoak gabezia batzuk azaleratu zituen eta, horiek konpontzeko, aurrekontuetako 51.400 euro erabiliko dituzte. Zehazki, eraikin osoko leihoak aldatu eta habe batzuk konponduko dituzte pipia dutelako. Gaur egun, etxebizitzetarako kofratuak egiten dituen enpresa batek alokairuan du eraikin hori.

Leihoen aldaketa
Beste inbertsio bat eginda, plaza ondoko hiru lokaletako —jubilatuen elkartea, Argintxu elkartea eta osasun zentroa— leihoak aldatuko dituzte, 30.000 eurogaz. Gaur egungo leihoak meheak dira eta ez diote berotasunari behar den moduan eusten. Lanak Abadiñoko Leihoak enpresari esleitu dizkiote eta ekainean edo uztailean burutuko dituzte.

Erabilera anitzeko gunea
Gaur egun gazteleku moduan erabiltzen den espazioa erabilera anitzeko gune bihurtu gura du udalak. Aurten proiektua egitea da asmoa, datorren urtean lanei ekiteko. Proiektua egiteko, 5.400 euro gorde dituzte.
Azkenik, 2019ko aurrekontuetan 61.000 euroko diru atala Hiri Antolamendurako Plan Orokorra egitera bideratu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!