Beraz, planeko zirriborroagaz lanean dabilen idazketa taldea arazo horri irtenbidea emango liokeen alternatibaren bila dabil, ondoren herri batzarretan aurkeztu eta herritarren oniritzia jasotzeko. Plan Orokorraren inguruko azken herri batzarrean proposamen bat aurkeztu zuten: errepidea frontoiaren atzetik desbideratzea. Durango-Izurtza norabidean txaletak hasten diren inguruan bideak eskumarantz hartuko luke eta, frontoiaren atzetik, gaur egun aparkalekua dagoen tokitik igaroko litzateke. Ondoren, botika inguruan batuko litzateke gaur eguneko bidera biribilgune batek lagunduta. Horrela, udaletxe eta plaza ingurua trafikotik libre geratuko litzateke eta herrigune handiago bat garatzeko aukera sortuko litzateke.
Baina proposamen horrek ez zituen batzarrera batutako herritarrak konbentzitu, udal ordezkariek azaldu dutenez. Orain, batzarrean batutako iritziak eta erantzunak baloratzen ari da planeko idazketa taldea, egoerari ahalik eta irtenbiderik egokiena emateko eta hurrengo herri batzarrean herritarren oniritzia jasoko duen proposamena aurkezten saiatzeko.