Espaloiko hainbat puntutan arrapalak egin dituzte, irisgarriagoak izan daitezen

Joseba Derteano 2018ko ots. 1a, 11:42

Astebetean amaitu dituzte lanak eta 18.500 euroko aurrekontua izan dute.

Durango, Izurtza eta Mañaria espaloi luze batek batzen ditu. Ibilbide horretako hainbat tokitan baserrietarako eta auzoetarako sarbideak daude. Puntu horietako espaloi zatiak ez zeuden irisgarritasun neurrietara egokituta. Horregatik, udalak lanak burutu ditu gune horiek irisgarriago egiteko.

Durangoko espaloi zatian, behar zen guneetan, amaituta zeuden arrapala leunak egiteko lanak eta, orain, Izurtzako Udalak antzerako lanak burutu ditu. 18.500 euroko diru atala (BEZa barne) bideratu dute horretara. Lanak Bermeosolo enpresari esleitu zizkioten, eta hauek, joan zen asteko eguenean hasita, astebetean amaitu dituzte lanak. Egun bitan espaloi zatiak kendu zituzten. Asteon hormigoia bota dute lehenengo, eta harlauza irregularra jarri dute ondoren.

Ortuzar auzorako sarbide bietako espaloietan, Antonio Txiki okindegirako sarreran eta udaletxeko biltokirakoan egin dituzte arrapalak, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!